Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa eta Soinu Zahar Txapelketa

Larunbatean Euskadiko Gipuzkoar Aurreskuaren eta Soinu Zahar txapelketak egin zituzten Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekuan. Txapelketen hasiera sei t’erdietarako zegoen antolatuta, eta pixkanaka bertaratzen hasi ziren herritarrak Ibaiondora jaialdiko dantzetaz gozatzeko asmoarekin.


Oholtza dantzarien zain zegoen, urtero apaingarri moduan jartzen duten dekorazioa prest zegoen, epai-mahaiko kideak pilotalekuko inguruetan ziren, eta dantzariak azken momentuko urduritasuna uxatzen saiatzen ziren.

Antolatzaileak berehala hasi ziren argiekin jolasten, txapelketa hasten zela jakinarazteko nahian. Momentu horretarako Luisma Laboa kazetari sanjuandarra eta aurkezle lanak egin behar zituena, bere lekuan kokatuta zegoen, ekitaldiari hasiera emateko asmoarekin.

14519888_10207219266545765_1054699034553654428_n
Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekua jendez gainezka. Argazkia: Erik Salazar

Berehala eman zioten hasiera ekitaldiari, eta banan-bana parte-hartzaileak oholtzara atera ziren dantzan zuten habilezia eta trebetasuna erakutsiz. Antxotarrek gogo handiz egiten zuten txalo ume bakoitzak bere dantza amaitzen zuenean. Ia bi orduz Pasai Antxo dantzaren eszenatokia bihurtu zuten dantzari txikiek.

12036980_10153611948004437_3372520116408362362_n
Nesken erakustaldia. Erik Salazar

Baina ezinezkoa zuten parte-hartzaile guztiek saria etxera eramatea, eta erakusketa bikain baten ondoren, Izar Etxeberria eta Iker Sanz izan ziren txapelketako bi irabazleak. Etxeberria oiartzuarrak aurtengo maila altua azpimarratu zuen, eta bere izena entzun zuenean lasaitasuna eta poza sentitu zuela jakinarazi zuen. Bere ustetan inportanteena urduritasuna kontrolatzea izaten da. Sanz iritzi berekoa da: “Agurra urtean zehar mila aldiz egiten dugun dantza da baina izan daiteke batzutan akatsa egitea”.

Antolatzaileak bere aldetik kontent ziren. Estibaliz Iturriak nesketan egon den maila handia modu positiboan baloratu du, eta azken momentura arte saria lortzeko egon den lehia estua ekarri du gogora. Xanti Esnaola Alkarkide Alkartasuneko kideak parte-hartzaileek egin behar duten lan ikaragarria goraipatu du: “Dantzak bere lanarekin edo ikasketekin konpajinatu behar dituzte”.

Aurtengo txapelketak amaitu dira dagoeneko. Arratsalde batez Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekua dantzaren eszenatoki nagusian bihurtu zen. Orain, ikusleek hurrengo urte arte itxaron beharko dute dantza txapelketaz gozatzeko, eta parte-hartzaileek urtebete dute hurrengo urteko erakusketa prestatzeko.

ERIK SALAZAR

Utzi iruzkina