Kontsumismo literarioaren auziari buruz eztabaidatzea zentzu gutxi izan dezake gaur egun euskal literaturari dagokionez. Halere, aztertzeke dago neurrigabeko kapitalismoak kontsumismoa indartzeko baliatzen dituen estrategiak euskal munduan aplikatzerako orduan.
Ane ESCALA
Globalizazioa eta kapitalismoaren ondorio saihestezina kontsumismoa dugu, mendebaldeko gizarteetan eguneroko bizitzaren oinarrietako bat bihurtu dena. Gizartean pertsonek kontsumitzaile rola hartzea arnastea bezain naturala bihurtu da, arlo guztietara hedatu dena, liburuen unibertsoa tarte. Marketingaren aktorea garrantzitsua izan da kontsumismoa sustatzerakoan. Hala izan zen, esaterako, Paula Hawkingsen Girl on the train nobela argitaratu zenean. Publizitate kanpaina masiboa burutu zuten liburua mundu osoan ezagutua izan zedin. Aurten aurkeztutako pelikula izen homonimoarekin, liburuan oinarrituta, azkeneko bultzada eman zion mundua, behintzat mendebaldekoa,
konkistatzeko.
Sare sozialek eta horiek ahalbidetzen duten edukiaren biralizazioa bloger, vloger, influencer eta bestelako figura publiko berrien sorrera eragin dute, zeintzuk gazteen eredu eta iritzi-liderrak bihurtu diren. Hispterrek, XIX. mendean alternatibotasunaren espresio gorenaren adierazleek, ekarri zuten postureo eta intelektualitate olatu birala azken urteotan, badirudi kultura dastatu gabe irensteko beharra piztu dutela gazteengan, hein handi batean. Halere, ez da indar berdinarekin garatu eskualde guztietan, izan ere, Euskal Herriko literatura ez da antsietate handiko kontsumismo masibo horren biktima izan. Zergatik ote? Bide hori interesgarria litzateke euskal kultura eta euskararen normalizazioa sustatzeko, bai eta gizarte euskaldunean sendoki finkatzeko euskararen presentzia?
Josu Amezagak zehazten duen bezala Kultura, kontsumismoa eta alienazioa artikuloan, “Historian zehar, sektore eta klase nagusiek kultur baliabide nagusien kontrola eskuratu dute, menderatuek beren kultura garatzeko baliabideak murriztuz. Irakaskuntza sistema, klase boteredunen eta gizonezkoen eremua izan da historikoki […]; kultura idatzia eliteen esku egon da mende askotan zehar”. Euskarak eta euskaldunek frankismo garaian jasan zuten zapalkuntza zorrotz eta odoltsuak ondorio larriak eragin zituen Euskal Herriaren dimentsio guztietan. Linguistikaren arlora mugatuz, 70. hamarkadan batuaren sorrerarekin hasi zen euskararen normalizazio eta indartze prozesua motel dihoa mundua garatzen ari den abiadurarekin alderatuta. Euskarak jasan zuen errepresio linguistiko basatiak manipulatu egin du hizkuntzaren garapen naturala; ekoizpen eta kontsumo literario euskaldunak ondorioz pairatu izan dituen kalteak nabariak direla eufemismo bat liteke.
Kontsumo literarioaren ildoa berrartuz, Youtubeko bideo plataforma ospetsuak kolaboratu du, beste kontsumismoen artean, liburuen erosketa masiboarekin. “Booktube” terminoaren babesean milaka gazte jatorri anitzekoak sare eta espazio propio bat garatu dute interneten, liburuekin erlazionaturik dagoen guztiaz hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Are gehiago, booktuber izatearen fenomenoak, vloger izatearekin batera marken kolaborazioa datorren bezala, argitaletxeei esku hartze aukera paregabea eskaini die. Horrek, neurrigabeko kontsumismoaren hazia ernatzea eragin du. Horren inguruko bideoak igo dituzte eduki-sortzaileek, Youtuben aktiboak diren eta bideoak igotzen dituzten erabiltzaileek alegia. Figura berri hau interesgarria izan liteke jakituria nahia pizteko, halere, planteatu behar da ea hizkuntza gutxituen bisibilizaziorako onuragarriak diren edo, guztiz kontrakoa, hizkuntza gehien hegemonia indartzeko balio ote duten. Izan ere, euskarak sarean duen indarra ez da ez ikusia egiteko modukoa, dena dela, oraindik nolabaiteko artifizialtasuna igortzen du.

Egon badaude euskararen aldeko borrokalari leratsu asko. Horien artean Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea dago, zeinak Galdakaoko Udalaren babesarekin gazteei zuzendutako Galdakaoko Booktube Lehiaketa burutu zuten herri bizkaitarrean. Lehendabiziko edizioa iaz izan zen, eta aurten bigarrena antolatu dute; abenduaren 16ean jakinera emango dute antolatzaileek lehiaketaren irabazleak. Une honetan, itxuraz, horrelako ekintzak erakundeek antolatu behar dituzte gazteengan euskarazko irakurketa pizteko.
Estrategien kontua da guztia. Izan daitekeelako laburbideren bat euskararen normalizazioa sustatzeko, eta agian laburbide hori sareko aktibitatearekin lotuta egon daiteke. Gazteek eredu hartzen dituzten influencer figura publikoak ez dira zergatik azaleko gaien komunikatzaileak izan behar, kontzientzia eta ezagutza modu gertu batean hedatzeko arduradunak ere izan litezke. Euskal munduaren kasuan, kontsumismoaren kezka izateko goizegi da, baina kapitalismoak kontsumismoa zabaltzeko erabiltzen dituen formulak probestekoak izan daitezkeela aztertu beharko litzateke.
